zubia

“los abertzales van a hacer 30 años después lo que ya hicimos muchos: aceptar las reglas del juego. Iñigo Urkullu. 2011-02-07”. Olariagak gogoratu zuen lehengoan. Orain, zeharo mikaztuta eta bere onetik aterata, Egibarrek bere nagusiaren okurrentzia errepikatu du. Hain dira zinikoak, hain dute zilborrean mundua,… guk eraikitako zubia haiek dauden tokira eramaten dutela ez dute esaten ba.
Bitxia da, baina, nere irudikotz haiek dauden toki horretan ez dago ezer, basamortu bat da, denok joan gara handik, gero eta bakartuagoak daude. Jakitun dira, eta nola gainera. Ezin handik atera dabiltza, txolloa bukatu zaielakoan. Eta zuzen dira. Horregatik hasi dira mugitu nahian, mugiarazi ditugu. Horregatik, parregarria da, parregarriak dira, hara goazela esaten dutenean.
Egunotan plazaratzen ari diren inkesten inguruan osatu dituzten gezur eta trikimailuek ederki adierazten dute zein den kolaborazionista hauen beldurra. Haien egitura ustelaren amaiera da, gaurdanik haien malda behera hasi da. Negar zotinka ari dira.
Gure zubia beste nonbaitera garamatza, guk nahi dugun tokira. Guk erabakiko dugun tokira.
Horregatik mingarria da gurditikan tiraka joan beharko dutenak galdera erretorikoak egiten ikustea. Zuek jada zubia pasa duzutela esan nahi baduzue, hasi ba lanean, hasi ba eraikitzen. Gu, kamutsak garenok, galdera erretorikoak egiteko tenorea ez dugunok pasako gara, pasa nahi dugu. Zuen atzetik goaz? lasai, hasi zuek, berdin eskertuko dizuegu.
Zalantzak dituzuela. Zein zalantza baina? Zertara goazen? Komeni zaiguna egitera, zertara bestela? komeni zaiguna, komeni zaigunean, komeni zaigulako. Madrilera joatea ez da helburu bat, tresna bat da. Agertzeko tresna bat, gure burua neurtzeko tresna bat, erreferente sendo bat finkatzeko.

Hara joanda ez ditugula gure proiektuak mamitzen? hasi ba ekiten. Hori zen-eta Batasunaren sorreraren gakoa, nork berea egitea, edozein bitarteko erabiltzen. Sistemak parte hartzen uzten gaituelako sistemaren parte garela? bo, hori hala balitz ezingo genuke ezta arnasa hartu, egiten dugun guztia sistemaren barruan dago. Gure arrakasta parte hartu ahal izatean datza, eta sistemak onartzen ez duen bozka ematea. Errore bat gara errekuentoan; sistema espainola eta frantsesaren ikuspuntutik “gaizki” bozkatzen ari gara. Hortaz, ondo ari gara. Madrilen agertzeagatik ez gara espainolagoak edo frantsesagoak. Gure izaera ez dago horren baitan. Horregatik parte har dezakegu zirko horretan, guretzat tresna delako.
Etsaiak badaki, negozio del partido vascokoek ere bai.
Ahalik eta hautetsi gehien, ahalik eta bozka gehin, orduan eta urrutiago eramango gaitu zubi horrek. Ez Madrilen egongo garelako, noski ezetz. Gure indarraren erakustaldia izango delako.
Zubi horren harriak bilatu zituztenek, Imanolek, Soniak, Joxeanek… ez dute zalantzarik, nahiz eta Erromako zubiaren beste aldera ezin pasa dauden orain.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*